Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen 30. urteurrenaren esparruan, eta aurten Kutxa Kultur-en eta Astearen arteko elkarlanaren barruan, Roland Topor-en Fantasiazko Artea erakusketa aurkeztuko da, eta bertan artista mitiko honen grabatzaile-alderdia erakusten da.
Roland Topor Frantziako artean XX. mendeko bigarren erdialdean izandako artistarik pertsonalenetako bat da. Bere ibilbide profesionala marrazkilari gisa hasi zuen 1950eko urteen bukaerako frantziar argitalpen satirikoetan: Bizarre, Harakiri eta abarretan.
André Breton ezagutu zuen eta mugimendu surrealistan sartzen saiatu zen, baina oso azkar hoztu zitzaion gogoa, mugimenduak galdua baitzuen jatorrizko indarra eta mugatua baitzegoen berak onartzen ez zituen arau askorengatik. Desilusio horrekiko erreakzioz, 1962an Fernando Arrabal, Alejandro Jodorowski, Jacques Sternberg eta Olivier O. Olivier lagunekin batera, gaur egun oso ospetsua den “Paniko Taldea” sortu zuen, talde surrealistaren eta Dadaren irudimenaren eta talentuaren oinordekoa, eta, “Pan” jainkoaren jai-espirituari jarraituz, haize fresko bafada bat izan zen XX. mendeko bigarren erdiko frantziar abangoardiarentzat; berehala erlazionatu zen Parisko underground kulturarekin eta zuzenean lotu zitzaion 68ko Frantziako Maiatzari ere.
Gogoz oso kezkatsua, Toporrek bere irispidean zeuden eremu guztietara aplikatu zuen bere irudimen emankorra, arrakasta nabariarekin guztietan. Bere literatura-lana Europa osoan argitaratu zen, eta Le Locataire chimérique (Maizter kimerikoa, 1964) eleberria garaiko best seller bihurtu zen, zinemara ere eraman zuelarik Roman Polanskik.
Zinematografiaren arloan Federico Fellini-ren Casanova (1976) filmaren zuzendaritza artistikoan parte hartu zuen; “Renfield eroaren” papera jokatu zuen Werner Herzog-en Nosferatu, Phantom der Nacht (Nosferatu: Gaueko fantasma, 1979) lanean; eta Cannesen Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Nagusia ere lortu zuen La planète sauvage (Planeta basatia, 1973) filmagatik, René Laloux animatzailearekin lankidetzan egina berau.
Arrakastaz ibili zen antzerkiaren munduan ere lan ohargarriekin, adibidez L’Hiver sous la table (Negua mahai azpian), eta hainbat operaren zuzendaritza artistikoaz eta jantziez arduratu zen Jean-Michel Ribes-ekin batera. Telebistaren munduan ere ibili zen, bertan sortu zuelarik haurrentzako saio arrakastatsu bat: Telechat. Musika-munduan ere lan egindakoa da frantziar abeslarien (adibidez, Megumi Satsu, Robert Charlebois eta abarren) letragile gisa.
Baina, batez ere, Roland Topor marrazkilari eta grabatzaile bikaina da, maila unibertsala duena, Fernando Arrabalek azaltzen duen bezala: «[…] Topor, marrazkilari gisa, bere belaunaldiko maisua da: egungo artistarik kopiatuena eta plagiatuena da, mundu osoak omenaldi isil eta sistematikoa eskainiko balio bezala”.
Asier Mensuro, erakusketaren komisarioa
Zineman eta komikian espezializaturiko arte-historialaria. Ehun erakusketa baino gehiagoren komisarioa izan da: El Arte en el cómic, Otras miradas de Carlos Saura, Ray Harryhausen creador de monstruos, Ilusiones de Realidad: los trucajes cinematográficos de Emilio Ruiz, Animación y vanguardia: El arte de Lotte Reiniger, edo Viaje al cine español: 25+1 Premios Goya Sariak, kubo-kutxa aretoan ikusi ahal izan zena 2012an.
Roland Topor-en figuran espezialista, berari buruzko erakusketa hauen komisario izan da: Toporgrafías y Humor y vanguardia: 20 años sin Roland Topor. Gainera, Topor-i buruzko lehen liburu teorikoa koordinatu eta argitaratu du espainieraz, Toporgrafías izenekoa, Luis Seoane Fundazioak eta Maia Ediciones-ek argitaratua.
La Hora Caníbal – Gourmet edizioa
Erakusketaren esparruan, urriaren 31n eguerdian Kutxa Kultur Plazan La Hora Caníbal irratsaio berezia grabatuko da, Borja Crespok zuzendua.
Egunak eta orduak
Erakusketa ikusgai izango da Kutxa Kultur Plazan, doako sarrerarekin, urriaren 24tik abenduaren 8ra Tabakalera zabalik izaten den ordutegian.