Ostiral honetan, hilak 11, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak, urtero bezala, Sendagilearen Eguna ospatuko du. Ekitaldi honetan, Elkargoak omenaldia egiten die 70 urte bete dituzten sendagileei, baita urtero izendatutako Ohorezko Sendagileari ere.
Ekitaldi berezia izango da aurtengoa. Izan ere, apiriletik bere 120 urteurrena ospatzen ari da Elkargoa eta, testuinguru honetan, bi urrezko domina ematea adostu du Gobernu Batzordeak: bata Onkologikoari eta bestea Diego Murillo jaunari, A.M.A. aseguru etxearen fundatzailea eta A.M.A VIDA eta Fundazioko presidentea gaur egun.
Elkargoak azpimarratu du lehen dominaren oinarrian “medikuntzaren alde eta gipuzkoar guztien osasunaren alde” Onkologikoak egin duen lana dagoela eta gogorarazi nahi izan du “sendagile talde baten ekimenez sortu zela Aldakoenean Institutu RadioKirurgikoa, minbiziaren hedapenak eragiten zien kezkagatik”. Garai bateko zentro hura gaur egun Miramonen dago eta “zalantzarik gabe erreferente den zentroa da, bai medikuntzaren ikuspegitik bai eskaintzen den arreta humanoarengatik”.
Domina honen bitartez, gainera, Elkargoak zentro honen atzean egon direnen lana balioan jarri nahi du: batetik, sendagile fundatzaile haiek egindakoa, eta, bestetik, ibilbide guztian zehar Kutxak emandako babesa eta laguntza. Hala, ostiralean Carlos Tamayo jaunak jasoko du domina, Kutxa Fundazioko presidenteak.
Bigarren domina Diego Murillo jaunari emango dio Elkargoak, A.M.A. aseguru etxearen fundatzaileari, hain zuzen ere. Elkargoak azaldu duenez, “sendagile bikaina izateaz gain, profesio honetan eta A.M.A. aseguru-etxean garrantzi handiko gizona izan da Murillo eta osasunarekin nahiz gizarte gaiekin loturiko proiektu anitzen bultzatzaile izan da”. Gainera, hamarkadak daramatza Estatu mailako Sendagileen Elkargoen ondoan lan egiten baina, bereziki, “Gipuzkoako Sendagileen Elkargoari eta bere elkargokideei emandako babesa” azpimarratu nahi du Elkargoak.
Elkargoko presidente den Manuel García Bengoechea eta egungo Gobernu Batzordea osatzen duten gainontzeko sendagileez gain, autoritate anitz hurbilduko dira ekitaldira, hala nola, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua, Nekane Murga, Espainiako Medikuen Elkargoen Antolakundeko presidentea, Serafín Romero edota beste elkargo batzuetako ordezkariak. Azkenik, protagonista izango dira, noski, aurtengo omenduak eta bertaratuko diren elkargokide asko eta asko.
Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan izango da Sendagileen Elkargoko Areto Nagusian eta 19:30etan amaituko da. Ekitaldiaren ostean, afaria ospatuko da San Telmo Museoan.