Gizarte-aktibazioa, elkarlana, konplizitate-sareen premia eta konpromiso pertsonalaren garrantzia azpimarratzeko helburuaz, “Elkartasun aleak” erakusketa sortu da; 26 panel izango ditu eta Egia pasabidean egongo da ikusgai irailaren 17tik urriaren 27ra arte.
Erakusketak antolakera simetrikoa du, eta horrela Egiako pasabideak dituen bi sarreretatik egin daiteke irakurketa, honako banaketa honekin:
• Sarrerako 4 panel.
• 8 panel bikoitz, gai-arlo hauekin: Berdintasuna, Kultura Aniztasuna, Nagusiak, Adingabeak eta Gazteak, Dibertsitate Funtzionala, Inklusioa, Osasuna, eta Lankidetza eta Garapena.
• 2 panel elkarteen jarduera-agendarekin.
Gaikako arloen panelek definizio orokor bat izango dute eta horietako bakoitzari dagozkion elkarteen izenak agertuko dira. Elkarte bakoitzaren izena datu-txartel batekin egongo da paperean, eta handik igarotzen direnek, nahi izanez gero, txartel hori hartu eta eraman ahal izango dute. Elkarteen ikusgaitasuna sustatzeko, Realaren bi elastiko zozkatuko dira txartela eraman eta bertan agertzen den zenbakia www.gipuzkoasolidarioa.info webgunean baliozkotzen dutenen artean.
Erakusketaren helburua, alde batetik, elkarteekin harremanetan jartzen direnen kopurua gehitzea da, eta elkarteen jarduerak sustatzea; baita boluntarioek elkarte horietan egiten duten lanaren garrantzia ezagutaraztea ere, eta honek, harrigarria bada ere, lehen begiratuan ematen duena baino konpromiso txikiagoa eskatzen du.
Zergatik Egiako pasabidea
“Elkartasun aleak” erakusketa Egiako pasabidean metafora bat da bere horretan, elkarteak substratuan, lurrean, jartzen baititu erne eta loratu daitezen, gizarte honetan fruituak emanez eta gizarterik parte-hartzaileenaren oinarrian dauden sustrai indartsu horiek sortuz. Jendeak jendeari laguntzen dion gizarte bat.
Baterako argazkia inauguraziorako
180 erakundek baino gehiagok osatzen dute Gipuzkoa Kutxa Solidarioa, eta horietan 180.000 boluntariok baino gehiagok parte hartzen dute. Elkarte horietako 53k irekiko dute erakusketa asteartean, hilaren 17an, baterako argazkia eginez bere aurrean, Nestor Basterretxea plazan, goizeko 11:00etan.