Gaur Donostiako kubo-kutxa erakustaretoan Lantegi. José Ramón Anda erakusketa inauguratuko da, bihartik abuztuaren 25ra arte irekia izango dena.

Erakusketak bere lanerako tokiaren izena darama: lantegi. Gune hori espazio zabala da, maketaz, materialez, makinez eta erremintez jositakoa, eta bertan egin eta pentsatzen ditu bere proiektu eta obrak. Bere lantegia ekosistema intimo bat da, eta bertan sortu du bere produkzio artistiko ia guztia, xehetasunez eta etengabe. Bere jaioterrian kokatutako lantegi horretan, gainera, ebanisteriarekin eta zurezko taillarekin lotutako familia-tradizioko lanaren memoria ere biltzen da.

Lantegi hitza, halaber, herri basoen aprobetxamendurako lanekin ere lotzen da, herritarren mesederako eta herritarren artean banatzeko egiten ziren lanekin, hain zuzen. Gertuko baso horietatik lortzen zuen, funtsean, Andak eskulturak egiteko materiala eta, hein handi batean, baita inspirazioa ere, enbor bakoitzaren ezaugarrietara egokituta, obra bakoitza osatuko duten egur horien bolumenaren, kalitatearen eta espeziearen arabera.

Kubo-kutxa areto honetan, erakusketa antolatzeko garaian, bere lantegia hona ekartzea izan da gure ideia eta, nola edo hala, simulatutako baso bat ere sortu nahi izan dugu, artistaren transformazioetan oinarrituta, hasierako egurrekin hasi eta bere sorkuntza lan sofistikatuekin bukatu. Erakusketa lau gunetan banatuta dago, eskultoreak garatu izan dituen serieak bisitariari aurkeztu ahal izateko, eta erakusketa honetarako ex profeso egindako azken lanak ere ikusgai ditugu.

Eskultoreak denboran zehar garatu dituen lanak biltzen dituen erakusketa hainbat aretotan antolatuta dago. Nabarmentzekoak dira barreiaturiko zenbait kubo eta kutxa, elkarrekin bat egiten duten pieza zirkular eta sabeldunen bariazioak, obeliskoak, argiarekin jolasten duten hilarriak eta zintzilika dauden pieza arinak. Naturaren eta arrazoiaren arteko konbinazioa muturrera ematen duten obrak dira, ertz bizien eta birsorturiko ehundura begetalen bidez...

Prentsa-oharra jaitsi (word formatuan)

 

Lantegi Anda