Kutxa Fundazioak Eloy de la Iglesiaren obra osoa biltzen duen lehen erakusketa aurkezten du. Modu horretan, merezitako omenaldia eskaini nahi dio zinema zuzendari zarauztarrari.

Erakusketa honek haren film guztiak eta telebista nahiz antzerkirako egindako kolaborazio guztiak biltzen ditu lehenengoz, Kutxa Kultur Artegunea aretoan. Modu kronologikoan kontatuta, "Eloy de la Iglesia. Desira Objektu iluna" erakusketak gure historiaren lau hamarkada baino gehiagoren erradiografia zehatza egiten du. Zinema gutxik bezala bizi, maitatu eta egin zuela esan genezake: sentsualki, egiaz eta eromenera iritsi arte. Maitatua eta gorrotatua, haren planteamenduak ez ziren inoiz oharkabean pasatu. Hamarkada bat ahaztuta igaro ondoren, Eloyk harrotasunez zioen zineman jarraitzea zela berarentzat bizitzeko arrazoi bakarra.

Eloy de la Iglesia

Eloy de la Iglesia (Zarautz, 1944 – Madril, 2006) zinema zuzendariak eta gidoigileak 60ko hamarkadaren erdialdean egin zituen bere lehenengo lanak. Espainiako alderdi komunistako kidea eta homosexuala izateak eta bazterreko gizarte errealitateak zuzen eta naturaltasunez erakusteko haren interesak egoera deserosoan jarri zuten, zinema zentsuraren aurrean.

Obrari dagokionez, Pasolini, Rainer Werner Fassbinder edo Pedro Almodóvar bezalako errealizadoreekin parekatu izan da.

Zinema ikasketak Parisko IDHECen egin zituen; lehendabizi, Zinematografia Eskola Ofizialean sartzen saiatu zen, baina ez zuten onartu eskatutako gutxieneko adina ez zuelako.

1966. eta 2003. urteen bitartean, 22 film egin zituen guztira, askotariko gaien inguruan: ipuin klasikoak, beldurrezko istorioak eta polizia filmak, bazterreko drogazale eta delinkuenteen istorioak, eta harreman sentimentalen mundu aberats bat, garai hartako ortodoxiatik aldenduta.

Prentsa-ohar osoa (word formatuan)