Eloy de la Iglesiari buruzko mahai-inguru bat izango da uztailaren 20an, 18:00etan, Tabakalerako Z aretoan. Ondoren, 20:00etan, El pico (1983) proiektatuko da 1 zinema aretoan. Hala, Euskadiko Filmategiak, Kutxa Kultur Artegunearekin elkarlanean, erakundearen 40. urteurreneko ospakizun ekitaldien baitan txertatu nahi izan du zinemagile zarauztarrari eskainiko dion omenaldia. Ekitaldiak denboran bat egingo du Pedro Usabiagaren komisariotzapean Kutxa Kultur Artegunean (Tabakalera) antolatu den “Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna” erakusketarekin.

Mahai-ingururako sarrera doan izango da aretoa bete arte. Jesús Angulo historialari eta zinema kritikaria arituko da moderatzaile gisa (euskal zinemagileen inguruko espezialista jantzienetako bat da). Anguloz gain, Pedro Olea zinema zuzendariak -Los novios búlgaros (2003), Eloy de la Iglesiak zuzendu zuen azken filmeko ekoizleetako bat izan zen-, María Luisa San José El diputado (1978) pelikulako protagonistak eta Elena Manrique zinema produktoreak hartuko dute parte solasaldian.

El pico (1983) Gipuzkoako zuzendari sailkaezin honen izenburu garrantzitsuenetariko bat da. Droga-mendekotasuna duten bi mutil gazteren istorioa kontatzen du. Behar duten dosia lortzeko droga saltzen dute eta krimen bat burutuko dute. Gainera, guztiz kontrakoak diren bi familietako partaide dira: bata guardia zibil baten semea da eta bestea, berriz, politikari abertzale batena. Filmaren kanpoko irudiak Bilbon, Barakaldon, Portugaleten, Algortan, Getxon eta Negurin filmatu zituzten.

“Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna” erakusketa zabalik egongo da uztailaren 20tik azaroaren 4ra arte. Eloy de la Iglesiaren lan guztia biltzen duen lehen erakustaldia izango da; hala, ondo merezitako omenaldia eskainiko zaio zinema zuzendari zarauztarrari. Erakusketak zinemagilearen filmografia errepasatzeaz gain, gaur egungo zenbait artistek hark utzitako ondarearen inguruan duten ikuspegia azaltzen duten lanak biltzen ditu.