Kutxa Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) urte asko daramatzate dibulgazioko hitzaldi-programa bat antolatzen, espezialistak ez diren entzuleentzat; eta horietan gaur egungo zientzia-gaiak edo gizartean interes berezia sortzen dutenak azaltzen dizkiete herritarrei ikertzaile adituek.

Ikusirik hitzaldi hauen harrera hobezina bertaratzen diren entzuleen aldetik, eta gure ustez honelako jardueren eskaera oso handia denez gizartean, hona hemen 2019 honetarako proposamena: hilero programa bat antolatzea bertako eta kanpoko hizlariekin, euskaraz eta gaztelaniaz, eta genero-oreka ere zainduz parte hartzen duten ikertzaileei dagokienez. ZientziaKutxa dira.

Bi erakundeok jakintzarekiko grina partekatzen dugu. Zientzia eta ikerketa dira gizarte batean garapenaren oinarri eta, noski, neurri batean, ezaupide horien zabalkunde edo dibulgazioa egin behar da gizartean, zientziaren epidemia kutsatu eta hedatu behar da, herritarrentzat benetako magia izan dadin. Gaur egun, zientzia eta ikerketa lankidetzan eta interes partekatuetan oinarriturik daude, etengabeko ikaskuntzan, ezagutza edo jakintzaren aldeko apustuan eta aldaketara moldatzean.

Azken urtean 100.000 tona pipa inguru kontsumitu ziren liga osoko futbol estadioetan. Eta pipa horien azalen %70 baino gehiago lurrera bota ziren. Horrek arazo bat dakar, garbitasunaz haratago, beste hondakin batzuekin nahasi eta ezin direlako birziklatu. Aitzitik, bereizita jasotzen baditugu, errefusa izatetik lehengai baliotsu izatera igaro daitezke.

Horregatik, Real Sociedad Fundazioak eta Kutxa Ekoguneak, Ekotraderen lankidetzarekin, ekimen berritzaile bat garatu dute, Espacios Intermedios diseinu estudioak asmatua, gestio sozialean eta ingurumenekoan urrats bat aurrera egiteko. Horretarako, Anoetatik Gipuzkoako Baratzetara kanpaina sortu dute, eta hortik aterako den produktua ongarri bat da, Anoetako estadioan jasotako pipa azaletatik sortua, Kutxa Ekogunearen Gipuzkoako baratzetako lurra ongarritzeko.

Gaur inauguratuko da Carmen Calvo. Ametsa akabatzea (1969-2019) erakusketa Donostiako kubo-kutxa aretoan. Bihar zabalduko da publikoarentzat (otsailak 8) eta maiatzaren 5a arte egongo ikusgai.

Erakusketa honek Carmen Calvoren etapa artistikoak erakusten ditu. Artistak berak eta Alfonso de la Torre komisarioak aukeratutako obrek sortzaile kontzeptual honen unibertso berezian barneratzen gaituzte, egiteko modu berezi eta konplexu bat izanagatik publiko zabalak ulertzen duena, modu natural batean konektatzen baitu artistaren mezu konprometitu eta sarritan emotiboarekin.

Erakusketa ez dago kronologikoki antolatuta, afinitate joko baten bidez baizik, multzoa erraz ikusteko aukera ematen duten areto handietan, eta bisitari bakoitzaren esku dago zer ordenatan ikusi. Piezak kokatzeko modu horrek elkarren ondoan jartzen ditu hainbat garaitako obrak edo teknika desberdinez eginikoak, eta agerian uzten du horrek Carmen Calvoren lanaren erabateko koherentzia. Gehikuntza, collage, batuketa, interbentzioa, objektua... artistaren lana definitzen duten hitzak dira, eta presente daude erakusketaren obra bakoitzean.

Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien 43. edizioa arautzen duten oinarriak argitaratu ditu Kutxa Fundazioak, eta Sariak eleberri eta olerki modalitateetarako deitu dira, euskaraz eta gaztelaniaz.

Olerki modalitatean errima, neurri eta gai askeko lanak aurkeztu daitezke, baina gutxienez 800 bertsokoak; saria 15.000 euro eta garaikurra. Eleberri modalitatean, gai eta narrazio askeko lanak, gutxienez 150 foliokoak; saria 25.000 euro eta garaikurra.

Lehiaketara lanak aurkezteko epea 2019ko apirilaren 30ean amaituko da, eta irabazleen berri Irungo Udalean ospatuko den ekitaldian emango da 2019ko irailaren 14an. Ekitaldi honetan, sariak banatzeko eguna ere jakinaraziko da, urte honetan bertan izango dena.

Berriro ere Donostiako Orfeoiaren egoitzan (San Juan kalea, 6. Donostia / San Sebastián) izango da Ganbera Musikako zikloa, Kutxa Fundazioak sustatu eta antolatua, Musikene, Donostia Musika eta Donostiako Orfeoiarekin batera. 

Zortzi ostegunetan izango dira zikloaren hamargarren edizioaren kontzertuak, 19:30ean, eta beti bezala, sarrera libre izango da aretoko jarlekuak bete arte.

Kutxa Ekoguneak sustatutako proiektua da Euskararen Ginkana, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean burutzen dena. Hizkuntza-praktika ekologikoak abiapuntutzat hartuta, euskara sustatzeko helburuarekin bat egiten dute bi erakundeek.

Seigarren edizioa izango da aurtengoa. Aurreko urteetan ere, euskara erdigunean izanik, hizkuntza-ekologia eta hizkuntza aniztasunaren gaiak landu izan ditu Euskararen Ginkanak, taldeek burutu beharreko probak gai horietan oinarrituz.

Euskararen Ginkana euskaltzale zein kultura edo aisialdiarekin lotutako taldeen artean zabaldu den lehiaketa da: norbanakoen partaidetzatik taldekako parte hartzera eta Gipuzkoatik, Euskal Herri osora zabaldu dena. Euskararen lurralde osoko 80 talde baina gehiagok parte hartu izan dute azken edizioetan, izaera eta esparru aniztasun handikoak.

Kutxa Fundazioaren aisialdi- eta kultura-programazioak -ohiko Kutxa Kultur Gelak- gaur ireki du izena emateko epea, eta jarduerak otsailean hasi eta 2019ko ekainera arte luzatuko dira. Izen emate epea urtarrilaren 21 arte luzatuko da.

Kutxa Kultur Gelak-en udaberriko programazioan jarduera hauek sartzen dira: jarduera teknikoak eta artistikoak (dekorazioa zementu gainean, moda jasangarria: tindagai naturalak), gastronomia (olioak eta gaztak dastatzea, sukaldaritza familian), ohitura osasuntsuak (baratza nire balkoian, kosmetika naturala, sendabelarrak) eta teknologia berriak.

Datorren larunbatean, Donostiako Antzoki Zaharrean 19:30etik aurrera egingo den galan, Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak, 54. edizioan, emateko ekitaldia izango da.

Joan zen urtarrilean egin zen deialdia kontakizun-liburu eta antzerki modalitateetan, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz, eta Epaimahaiak irailean jakinarazi zuen bere erabakia: Fernando Trías de Bes-ek, El trámite lanarekin, irabazi du lehiaketa gaztelaniazko antzerki-modalitatean. Euskarazkoan, Oier Guillán-en Aire ikusezina izan da irabazlea; gaztelaniazko kontakizun-liburuen atalean, Moebius, Matías Candeira-rena; eta modalitate berean, euskaraz, Alexander Martínez Iturriak idatzitako Iraumen liburuarentzat izan da saria.

Datorren ostegunean, abenduak 20, 19:00etan, Kutxa Kulturreko Ruiz Balerdi aretoan, Tabakeran, Donostiari buruzko Azterketa Historikoen 51. Buletina aurkeztuko da.

Zazpi azterlanek -horien artean Tratu txarrak XVII. eta XVIII. mendeetako Gipuzkoan gaiari eskainitakoak- eta oharrak osatzen dute buletina, Rosa Ayerbe historialariak aurkeztuko duena.

Ekitaldi berberean, Carlos Rilova-ren Konpasak, mapak eta izarrak. José Joaquín de Ferrer y Cafranga (Pasaia 1763-Bilbo 1818). Astronomo bikain baten bizitza liburua aurkeztuko da ere.

13a. Bihar hasi eta urtarrilaren 13ra arte Jostailu Trukegunea jarriko du martxan Kutxa Ekoguneak. Egitasmo honen helburua haurrek gabonetan opari moduan jasotzen dituzten jolasak berrerabiliak izateko aukera erraztea da. Era honetan, objektuei bizi berri bat emateko modua da, jostailuak norbere familiari asko eman ondoren beste haur batzuei oraindik ere beste horrenbeste eskaini dezaketen altxor txikiak izan daitezke. Gainera, haurrei trukean oinarritutako esperientzia zoragarri bat eskaintzen zaie, eman eta jasotzea biak gozagarri direla sentiaraziz eta gauzen “berri” izate horri garrantzia kenduz.

Ekogunean hirugarren urtez antolatzen den ekimena da, geroz eta erabiltzaile gehiago dituena. Lehengo urtean 300 truke esperientziatik gora izan zirela kalkulatzen dugu gutxi gora behera, eta kopuru hauek mantendu edo handitzea espero dugu aurten. Gabonak ondoren trukatu ez diren jostailuak Gipuzkoa Kutxa Solidarioaren baitan dagoen elkarte batera bideratuko dira.

Atseginez jakinarazten dizuegu osatu dugula talde-hautapena Kutxa Kultur Musika 2018/19 Egonaldi programan parte hartzeko.

Onartze-epea amaituta, 66 proposamen aurkeztu dira deialdira, guztiak artista gipuzkoarrenak.

Kopuruaz gain, ezusteko atsegina izan da guretzat proposamenen kalitatea. Aurten egile-proiektu asko izan ditugu, pertsonalak, karisma dutenak... Talde askok definitu dute beren musika modu garaikidean, eredu klasikoetatik urrunduta... folka, post rocka edo elektronika izan direlarik lerrorik ordezkatuenak.

Uste dugu hautaturiko sei proiektuek hazkunderako ahalmen handia dutela, eta Kutxa Kultur Musikatik bidean laguntzearen alde egingo dugu.

Hauek dira sei aukeratuak: Sara Zozaya, Ghau, Espagueti, Ro, Raitx y Tenpera

Kutxa Fundazioak Lola Garridoren argazki-bilduma aurkeztuko du Artegunean; argazkigintzaren historian murgiltzeko aukera paregabea, lehen-mailako egileen lanen aukeraketa baten eskutik.

Lola Garrido bildumagilearen erakusketa honek 78 egileren 120 argazki biltzen ditu. Irudiak bilduma osatzen duten 700etik gora lanen artean hautatu dira.

Garridok berak dioen bezala, bere bilduma autobiografikoa da, eta bertan hainbat gai errepikatzen dira; esaterako, moda, emakumea eta abangoardiak. Erakusketa ikusterakoan jabetuko gara Lola Garridok bereziki maite dituela enkoadratze modernoa duten argazkiak, baita protagonista emakumeak dituztenak ere. Nolanahi ere, hainbat genero ikusiko ditugu irudikatuta. Besteak beste, erretratua, natura hila, hiri-paisaia, argazki dokumentala edo zientifikoa izango ditugu ikusgai mendebaldeko argazkigintzaren historiari eskainitako begirada osatu honetan.

Kutxak gaur aurkeztu du laguntzak eskatzeko laugarren deialdi irekia, Gipuzkoako elkarte eta erakundeek 2019an egin nahi dituzten gizarte- eta kultura-proiektuetarako. Lehenengo deialdian, 2016an gauzatzen ari direnentzat egindakoan, laguntzak eskatu zituzten 302 elkartek aurkezturiko proiektuetatik 147 aukeratu ziren; 2017an 161 246tik; eta iaz aurkeztutako 252 proiektutatik 198 aukeratu ziren.

«Begietara so egiten diozu. Esan dizute inolako ahaleginik gabe erauzten dituela gorputz-adarrak. Kontatu dizute agure itsuak zelatatzen dituela. Ez zenuke esango. Badakizu, entzun duzunagatik, ia ito zuela neskato gaixo bat ibaian. Baina ez, ez dirudi munstro bat. Berriz egiten diozu so begietara. Itxita ditu. Barrurantz begira ari da. Agian zuri ez zaizu munstro bat irudituko, baina berak ondo daki zer den. Badaki zer egin duen. Ospetsu egin duen pop estetikaren zantzuren bat du, baina askoz ere gehiago hura mundura ekartzen lagundu zuten poeta erromantikoen tortura, enigma eta sentsibilitatearena. Lucíaren Frankenstein ez da bila zenbiltzan munstroa. Ez du barrerik eragiten, ez duzu alde egin nahi, eta ez duzu hura hil nahiko. Ulertzen duzun munstroa da. Maite duzun munstroa. Itsas hondoan sortzen ari den ekaitz batean hondoratuta dagoela dirudi. Baina, hala ere, bera bere barnean bilduta dago. Zure iritzitik isolatuta. Ez du nahi zu hurbiltzerik. Zure hobe beharrez da». (Iñaki Ortiz)

Gaur egungo Kutxa Fundazioaren gizarte ekintzak itzelezko lana finantzatu du 50 urtez: Donostia hiriaren Historia berregitea. 1813. urtean, artean Donostiako esparru harresituan zegoen soldadu-talde napoleonikoaren aurka tropa angloportugesen erasoa burutu zen, eta ordu arteko agiritegi edo artxibo ia gehienak suntsitu zituen orduan eragindako sute bereizkuntza gabeak. Halabeharrez, eta erasoek eta Donostia hartu zuten tropa kontrol gabeek eragindako basakeria beraren mende egon arren, probintzia-artxiboak onik atera ziren sute hartatik, biltegiraturik zeuden lekuaren gainera eroritako hondakinek babestu zituzten eta. Donostiako agiritegiak suntsitu zituen zorigaitzeko patu beretik onik atera ziren probintzia-artxibo horiei esker, Dr. Camino Taldeak hiri honen historia berreskuratzeko lana zaila izan zen, baina ez ezinezkoa.

Liburutegi berri honetan ikusgai dauden objektu historikoak lan horren lekukotasun grafiko eta ukigarriak dira, azkenean Donostiaren nahiz Gipuzkoa osoaren Historia berrosatzeko oso onuragarriak izan direnak.

Eta ostegunean, urriak 25, arratsaldeko 19.00etan, publikoari irekita aforoa bete arte, Dr. Camino – Serapio Múgica Liburutegi berri hau aurkeztuko dute Jose Ignacio Mugica Brunetek eta Rosa Ayerbe eta Elena Legorburu historialariek. Lehenak alderdi familiarra nabarmenduaz eta historialariek liburutegiari egin dion aportazioa azpimarratuz.