Gaur inauguratu da Oñatiko Arantzazulab gizarte-berrikuntzako zentro berria. Hausnarketarako, berrikuntzarako eta esperimentaziorako gune gisa sortu da, etorkizuneko gizarte-erronkei erantzuteko, herritarren inplikazioaren eta gizarte-eragileen lankidetzaren bidez.

Arantzazuko giza ondarea suspertzea eta kudeatzea ere bere helburuen artean dago.

Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak, Arantzazulab-ek, gaur goizean egin du bere aurkezpen ekitaldia Arantzazun kokatuta dagoen Gandiaga Topagunean (Oñati).

Arantzazu Gaur Fundazioko kideek -Gipuzkoako Foru Aldundia, Oñatiko Udala, Mondragon Korporazioa, Kutxa Fundazioa eta Arantzazuko Frantziskotar Probintzia- sustatuta sortu da laborategia, eta eraldaketa sozialera bideraturiko ikerketa, esperimentazioa eta sozializazioa egiten ditu lau eremu nagusi hauetan: trantsizio ekologikoa, lana, elkarbizitza eta ongizatea. Bizi dugun eraldaketa sakoneko garaian herri bezala ditugun gizarte erronka konplexuei ikuspegi berriarekin aurre egiteko xedea du laborategiak.

Agenda publikoaren eta etorkizuneko erronken inguruan hausnartzeko eta esperimentatzeko gunea izan nahi du Arantzazulab-ek.

Euskal gizartearen beharrizanak ulertuta, herritarren inplikaziotik helduko die gizarte erronkei, eragile ezberdinen arteko elkarlanetik abiatuta. Eta hori etengabeko ikasketa aktiboa sustatuz egingo du, ikerketaren bitartez, dinamika berriekin esperimentatuz eta lortutako ezagutza dibulgatuz. “Herri proiektu” izaki, Arantzazulab-ek Euskal Herri osoari begiratzen dio, Gipuzkoan sortua den arren.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Izaro Elorza Oñatiko alkateak eta Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak parte hartu dute irekiera ekitaldian.

Bertaratutakoen zerrendak, gainera, erreferentziazko eragile askoren interesa eta lankidetzarako prestutasuna utzi ditu agerian, izan ere, inaugurazio ekitaldira lurralde guztietako ordezkariak bertaratu dira: erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, unibertsitateak; edota herrigintzaren, euskal pentsamenduaren, kulturaren zein euskalgintzako hainbat erakundetako kideak ere.

Hala, bada, aurkezpenean izan dira, besteak beste, Arantzazulab-eko Zuzendaritza Batzordeko kideak: Sebas Zurutuza (Gipuzkoako Foru Aldundia), Iñigo Ucin (MONDRAGON Korporazioa), Ander Aizpurua (Kutxa Fundazioa), Izaro Elorza (Oñatiko Udala), Joxe Mari Arregi (Frantziskotarren probintzia); eta horiekin batera, Aholku Batzordeko kideak ere izan dira: hiru unibertsitateetako ordezkariak, Gorka Espiau (Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendaria), Urko Aiartza (Telesforo Monzon eLab-eko zuzendaria) eta Jose Luis Madinagoitia (Arantzazuko Adiskideak elkartea). Hitzorduak ordezkaritza zabala bildu du.


310325 Arantzazulab Eragileen argazkia