2019an Gipuzkoako elkarte eta erakundeek garatu beharreko proiektu sozial eta kulturaletarako Kutxa Fundazioaren laguntza-deialdirako oinarriak.

 

     >> Oinarriak (pdf formatuan)
     >> 
Aurkezteko epea: 2018ko azaroaren 5etik abenduaren 10era (14:00ak arte)

     >> Eskaera-formularioa (eskuragarri aurkezteko epearen barruan)


01 Aurrekariak

Kutxa erreferentziazko erakundea da Gipuzkoaren garapenean laguntzen duten proiektu ekonomiko nahiz sozialak identifikatu, sustatu, babestu eta eusteko.

Kutxaren eginkizuna eta jarduera, garapen sozio-ekonomikoa, kulturala, artistikoa eta asistentziala eta ingurumen-garapena eta interes orokorreko beste xede batzuen lorpena helburu duten proiektu eta jarduerak sustatu eta mantentzera daude bideratuta.

Ehun urteko historiaren oinordeko izanik, Kutxak bere estrategian proiektu eta jarduera horiek sustatu eta gauzatzeko ematen dituen laguntzen emate-prozesua antolatu eta berrikustea komenigarria dela adierazi du. Testuinguru honetan, 2019. urteari dagokion laugarren deialdia jartzen du martxan Kutxa Fundazioak.

02 Helburua

Deialdi honen helburua da hainbat eremutan proiektuak garatu eta sustatzen dituzten erakunde eta entitateei laguntzea, besteak beste honako eremu hauetan: artea, ingurugiroa, zientzia, elkartasuna, kultura, osasuna, gazteak, euskara, genero berdintasuna, etab.

03 Elkarte eta erakundeei eskatu beharreko baldintzak

Deialdia egiten den egunean gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten legalki eratutako irabazi-asmorik gabeko erakunde eta entitateak aurkeztu ahalko dira deialdi honetara, beren titulartasun juridikoa edozein izanda ere, eta betiere Gipuzkoan egiaztatzeko moduan errotuta badaude, zerga- eta lan-arloko betebeharrak eguneratuta badituzte, eta dagokion Erregistroan inskribatuta badaude. Bi erakundek edo gehiagok elkarrekin aurkeztutako proiektuetan erakunde batek kudeatzaile gisa agertu beharko du. Administrazio publikoek aurkezten diren proiektuen erakunde laguntzaile gisa bakarrik parte hartu ahal izango dute, Kutxak proiektu horiei ematen dien laguntzen osagarriak izango diren laguntzak lortzeko xedez.

04 Proiektuei dagokienez

Laguntzak ahalik eta erakunde kopururik handienari emateko xedez, erakunde bakoitzak proiektu bakar bat aurkeztu ahal izango du, dagokion aurrekontuarekin batera, eskaera 02 puntuan deskribatutako eremu-zerrendako zein eremuri lotuta dagoen identifikatuz.

Proiektuak Gipuzkoan garatu beharko dira, eta lurralde horretan bizi diren pertsonak izango dira proiektu horien hartzaile.

05 Proposamenen balorazioa

Modu positiboan balioetsiko dira Kutxaren estrategia gidatzen duten printzipioekin lerrokatutako proiektuak. Gipuzkoako hainbat agenteren esku-hartze koordinatu eta osagarria bultzatzen dutenak. Praktika berritzaileak eta gizarte-eraldakuntzakoak garatzen dituztenak. Boluntarioen kudeaketa eta parte-hartzea sustatzen dutenak. Efizientzia-irizpideak kontuan izanik bideragarritasun soziala eta ekonomikoa dutenak, eta garatzeko aurreikusi diren jardueren jasangarritasuna bermatu dezaketenak. Beren jardun-eremuan edo aurkeztutako proiektuaren xedean genero-berdintasuna, euskara eta jasangarritasuna biltzen dutenak.

06 Entitate, erakunde eta elkarteen balorazioa

Honako hau balioetsiko da: proiektua bera, proiektua Kutxa Fundazioaren xedeetara egokitzea, aurkeztutako aurrekontuaren bideragarritasuna eta jasangarritasuna, eta eremu edo kolektibo onuradunarekin egin duen lan-ibilbidea. Gardentasuna. Boluntariotza-plan bat eta gizarte-oinarri zabala edukitzea ere balioetsiko da.

07 Proiektuen ezaugarriak

Proiektuak egikaritzeko epea urtebete izango da, deialdia ebazten den egunetik zenbatzen hasita. Egungo deialdia ebazten den egunaren ondorengo gastuak finantzatzera bideratutako proiektuak hartuko dira kontuan soilik, eta betiere gastu horiek epigrafe honetan aurreikusitako egikaritzapen-epean sortutakoak badira.

08 Kutxaren ekarpen ekonomikoa

Laguntzak ahalik eta proiektu kopuru handienari emateko, eta orientatzeko erreferentzia gisa, deialdi honen bitartez emango diren kopuruak honako hauek izango dira:

     >> 50.000 €-tik gorako exekuzio-aurrekontua edo guztizko zenbatekoa duten proiektuak: Kutxak emango duen laguntza gehienez ere aurrekontuaren % 25 izango da.

     >> 50.000 €-tik beherako exekuzio-aurrekontua edo guztizko zenbatekoa duten proiektuak: Kutxak emango duen laguntza gehienez ere aurrekontuaren % 75 izango da.

Osorik finantzatu beharreko zenbatekoak, hala Kutxak emandako laguntzengatik nola proiektuak jasotzen dituen beste laguntza osagarri batzuengatik lortu denak, ez du gaindituko proiektuaren guztizko zenbatekoa edo aurrekontua. Era berean, aurrekontuan murrizketak badaude, Kutxak aztertuko du, eta murrizteko ahalmena dauka.

Kutxaren laguntzaren barne ez dago bere baliabideak dohainik erabiltzeko aukera.

09 Proiektuen aurkezpena

Proiektuak ahalik eta zehaztasun handienarekin idatzi behar dira, eta proiektuaren indarguneak modu nabarmenean azaldu behar dira. Horretarako, deialdi honi gaineratzen zaion formularioa bete behar da. Era berean, aurkeztu behar dira proiektuaren txostena, erakundearen azken ekitaldiaren memoria, eta honako dokumentazio hau:

  • Erakundearen estatutuen kopia.
  • Dagokion erregistroko inskripzioaren kopia.
  • Identifikazio fiskaleko kodearen kopia.
  • Ogasunarekin eta Gizarte-segurantzarekin betebeharren gainean egotearen ziurtagiria.
  • Erakundearen legezko ordezkariaren NANaren kopia.
  • Eskatzailearen errepresentazio ahalen fotokopia, edo hala bada, estatutuen arabera erakunde eskatzailearen izenean jardutea ahalbidetzen duten karguaren izendapena.
  • Kontu korrontean titularitatearen ziurtagiria.

Proiektuak deialdi honetara aurkezteak esan nahi du deialdiaren oinarriak eta ebazpena onartzen direla, ebazpena errebokaezina izango delarik.

10 Dokumentazioa

Dokumentazioa elektronikoki bidaliko da Kutxa Fundazioaren webgunean (www.kutxa.eus) horretarako dagoen formulario baten bidez.
Ez da eskaerarik onartuko ezarritako epetik kanpo.

11 Aurkezteko epea

Laguntzak eskatzeko epea 2018ko azaroaren 5ean zabalduko da, eta aurkezteko azken eguna 2018ko abenduaren 10a izango da, 14:00etan.

12 Ebazpena

Kutxaren Patronatuak, bidezkotzat jotzen dituen espezialisten aholkularitzarekin, proiektuak ebaluatuko ditu eta deialdi honetan eman beharreko laguntzei buruzko aurrehautaketa 2019ko martxoaren 1ean ebatziko du. Erakunde eskatzaile bakoitzari jakinaraziko dio erabakia, eta era berean www.kutxa.eus webgunearen eta bidezkotzat jotzen dituen bitarteko eta sare sozialen bitartez jakinaraziko du.

Deialdi honetan aurreikusten ez diren gaiak Kutxa Fundazioaren irizpideei jarraikiz ebatziko dira, eta erabaki horiek ezin izango dira errekurritu. Deialdian parte hartzeak esan nahi du oinarri hauek onartzen direla.

13 Lankidetza-hitzarmena

Kutxak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko du laguntza emango dien proiektuen entitate, erakunde eta elkarte bakoitzarekin. Laguntzaren zenbatekoa, erakunde eskatzaileak Kutxabank SAren titular gisa duen kontu batean ordainduko du, bi epetan: % 75 lankidetza-hitzarmena sinatzen denean, eta gainerako % 25 proiektuaren exekuzioko azken memoria aurkeztu eta onartzen denean; memoria 2020ko lehen hiruhilekoa amaitu baino lehen entregatu behar da. Proiektuaren exekuzioa ez bada amaitzen edo burututakoa aurkeztutako proiektuarekin bat ez badator, Kutxak emandako dirua erreklamatzeko eskubidea izango du.

Laguntzen deialdia eta laguntza horiek arautzen dituzten oinarriak Kutxa Fundazioaren Patronatuak onartu zituen 2018ko irailaren 27an.