Donostiako Udalak eta Kutxa Fundazioak Altzako Eraikuntzaren Institutu zaharra behin-behineko kiroldegi moduan erabiltzeko hitzarmena adostu dute. Hala, datozen lau urteotan Kutxa Fundazioaren eraikin hau altzatarrek erabili ahal izango dute gimnasio moduan, behin Udalak bertako egokitzapen lanak amaitu ondoren, Eneko Goia alkateak eta Manu Berazak eta Carlos Ruizek, Kutxa Fundazioko presidente eta zuzendari orokorrak hurrenez hurren, aditzera eman dutenez. Altzako kiroldegi berria eraiki bitartean, bizilagunek behin-behineko kirol instalazioa izango dute auzoan bertan.

Altzako kiroldegi berria egin bitartean, Udaletxeak behin-behineko kirol instalazio bat beharrezkoa dela ebatzi zuen, baita bizilagunekin hala adostu ere. Kutxa Fundazioarekin izandako hartu-emanen ondorioz, bi erakundeok Eraikuntzaren Institutu zaharreko eraikina baliatzea adostu dute.

Urte amaierarako, prest

Donostia Kirolak Altzako auzoan behin-behineko gimnasio bat egiteko obrak esleitzeko lehiaketa argitaratu du. Gimnasio honekin, Altzako kiroldegi berriko lursailean amiantoa agertzeak berekin ekarri duen atzerapenaren aurrean, Altzako auzotarren kirol zerbitzuen eskaerak nolabait arintzea espero da.
Behin-behineko gimnasio honek 930 metro karratuen azalera beteko du. Irisgarritasuna bermatzeko, kirol gune guztiak beheko solairuan eraikiko dira, eta kanpoaldean dagoen aparkalekua ere erabilgarria egongo da. Kirol instalazio berri honek gihartze gimnasio bat eta gimnasio kardio bat izango ditu; bi gimnasio hauek 283m2 beteko dute. Gainera, ziklo indoor aretoa (75m2) eta ikastaroetarako areto bat (106 m2) ere egongo dira. Eraikitako gainontzeko metro karratuak komunak eta aldageletarako izango dira.

Obra hauetarako aurreikusita dagoen epea 175 egunetako da eta gehienezko aurrekontua 1.500.000€, baina bai prezio baita epea ere, hobetu ahal izango dute enpresa lizitatzaileak. Beraz, urte honen bukaeran irekita egotea aurreikusten da. Gogoratu behar da, Altzako kiroldegia itxi zenetik Kirol Txartelaren baja eskatu duten Altzako bizilagunek ez dute sarrera kuota ordaindu behar bere harpidetza berritzen badute gimnasio berri hau irekitzen denean.


 


180316Ayuntamiento Kutxa 1200 edif


180316Ayuntamiento kutxa1200