Onartze-epea amaituta, 107 proposamen aurkeztu dira Kutxa Kultur Musika 2021 egonaldi programan parte hartzeko deialdira, guztiak artista gipuzkoarrenak.

Aukeraturiko sei proiektuek hazteko ahalmen handia dute, eta Kutxa Kultur-etik bidean laguntzearen alde egingo dugu.

Hauek dira sei aukeratuak: Martin de Marte, J. Largo, Sara Azurza, Mugan, Ramona´s First Evil Boyfriend eta Blanquita Carraquela.

Aukeratutako talde eta bakarlariak urtebeteko egonaldia izango dute Kutxa Kultur-en (Tabakalera); bertan, entsegu-lokal bat izango dute, hainbat emanaldi programatuko dira eta sustapen lanerako prestakuntza eta aholkularitza eskainiko zaizkie.

201218 Kutxa KulturMusika 2021 aurkezpena presentación

Hautatutako tadeen aurkezpenaren ekitaldia, Ostirala, abenduak 18, Kutxa Kultur-en
Prentsa-oharra

MARTIN DE MARTE

Martin Murua ‘Martin de Marte’ izen artistikoarekin hasi zen musika egiten eta 2019an atera zuen lehen diskoa: "Kaixo Lagun", eta urtebete geroago "Red River Ride". Bi albumak streaming bidez bakarrik eskura daitezke, autoeditatuak dira, instrumentu guztiak entsegu-lokalean grabatu dira eskura dauden baliabideekin eta Donostiako Doctor Master-en masterizazioarekin. Horietan rock, jazz, indie eta psychodelia doinuak nahastu dituzte zarauztar hauek. Bigarren albumetik aurrera, egungo 4 taldekideak elkartu ziren.

J. LARGO

J. Largo da Espainiako musika-eszenako irudi berria, eta 2021erako hazkunde-proiekzio handiena duen artistetako bat da. Chef Drez musika-ekoizle eta managerrarekin urtebete baino gehiago lanean eman ondoren, bere debuteko "El Dolor Del Silencio" albumaren irteera iragarri du J. Largok. Lan horrek 7 pieza ditu, Chef Drezek osorik ekoitziak, eta Alex Psaroudakis-ek (Latin Grammy baten irabazlea, besteak beste C. Tangana, Rosalia, Alejandro Sanz… kredituekin) masterizatu du. 

SARA AZURZA

Sara Azurza abeslari donostiarra 17 urte zituela hasi zen oholtza gainean. Bere lehen urratsak Iker Laurobarekin egin zituen eta ondoren Charlie and The Colours, Indigo eta Tristan Crowley abeslari eta taldeekin lan egin zuen, besteak beste. 2018an bere bakarkako lehen lana aurkeztu zuen: Theorein. Euskarazko eta ingelesezko bost abestik osatzen dute diskoa. Berak idatzitako abestiak dira (Erlojuez Gainez izan ezik) eta Iker Laurobak ekoitziak. Horiek pop generora hurbiltzen dira eta oso akustikoak eta lasaiak dira. 2020ko abenduaren 4an bere lehen single eta bideoklipa kaleratu zuen: London Weather, hau ere Iker Laurobak ekoitzia. 

MUGAN

Lehenengo abestiak 2017an sortu baziren ere, urtebete geroago eraman zituzten talde-formatura. Horretarako, 7 lagun elkartu ziren. Horrela sortu zen ‘Mugan’. Talde gaztea, musikaren munduan lehen aldiz aurkitu zena. 2019ko urrian eman zuten lehen kontzertua Amara Berriko herri-jaietan eta, ordutik, zenbait kontzertu eman dituzte Donostian, hainbat ekitalditan parte hartzeaz gain. 2020ko abuztuan atera zuten lehen singlea, "Udabiberri", Berako Mik estudioan grabatu eta ekoitzia. 

RAMONA´S FIRST EVIL BOYFRIEND

Ramona's First Evil Boyfriend aurtengo apirilean sortu zen bikotea da. Mikro kasete batean demo batzuk grabatzen hasi ziren eta, irailean, euren lehen lana osatzen duten zortzi abestiak grabatu zituzten etxeko trastelekuan, astebete eskasean. Erabat autoekoitzitako diskoa da, eurak arduratu baitira abestiak konposatzeaz, grabatzeaz eta nahasteaz, baita diseinuez, azalez eta lehen bideoklipa egiteaz ere. Beren eraginengatik, euren estiloa lo-fi, dream pop eta folk nahasketa bat dela uste dute, eta lehen lan honetan soinu intimoa, sinplea, apaindura askorik gabea lortzen saiatu dira, baina inprobisazioaren eta sortuz doana grabatzearen esentzia hori atzean utzi gabe. 

BLANQUITA CARRAQUELA

Asier Beramendi 2012an hasi zen bere lehen abestiak idazten eta 2014an Eraul taldearen bere lehen maketa grabatu zuen. Kantuetako baten ("Etxea") arrakastari esker, eta musikarien egonaldietarako Kutxa Kultur-en laguntzarekin, seikote bat osatu zuen Julen Idigorasen eskutik. Eraulen Iraultza diskoa estatuko bosgarren diskorik onena izendatu zuen Mondo Sonoro aldizkariak 2017an, eta jaialdietan parte hartzeko aukera erraztu zion. Eraul desegin ondoren, Blanquita Carraquela gisa konposizio berriak aurkezten ditu. Txikitatik liluratu zuten soula, bluesa eta, batez ere, amerikarra alde batera utzi gabe, gaur egun ekoizle gisa ari da bere burua prestatzen bere konposizioak grabatzeko. Horrela, elektronikari gehiago dagozkion elementu berriak erabiltzen ditu, hala nola, sintetizadoreak, erritmo-kaxak eta ahots manipulatuen jokoak, eta baxua edo teklatua bezalako instrumentuak musika-hizkuntza berri bat eraikitzeko. Horrela, batez ere, hitz idatzian jartzen du arreta eta rap, spoken word eta hip-hop-aren inguruan taxutzen du proiektu berri hau. Ikuspegi berri horretatik, gaztelania sartu du bere lanetan, baina ez dio uko egin ez ingelesari ez euskarari.