Donostiako 55. Jazzaldia uztailaren 22tik 26ra izango da, eta gaur, osteguna, programazio osoa aurkeztu da: 21 kontzertu eskainiko dira Kursaaleko Terrazetan eta sarrera doan izango da, eta Txikijazzeko beste lau kontzertu familientzat. Horietako bik sarrera librea izango dute aipatu esparruan, eta beste bik (3 €) Kutxa Kultur Gauak programaren esparruan izango dira, Tabalakerako laugarren solairuan.

Kontzertu gehientsuenak bertako taldeek eskainiko dituzte eta Frigo Gunean eta Zurriola Terrazan izango dira, uztailaren 21etik 26ra bitartean. Kontzertu horien bidez azken urte hauetan agertoki horietan egon diren bertako talde talentudunak ezagutarazi nahi dira. Osasun-krisialdiak ez du zapuztu Jazzaldiak bertako jazz eszena berriarekin hartuta duen konpromisoa.

COVID-19ren mehatxuaren aurrean arduraz eta arretaz jardun beharrak eragin handia izan du kontzertu horiek aurkeztuko diren formatuan.

Alde batetik, eta ikuspegi artistikotik, 55. Jazzaldiak musikariei eta taldeei eskatu die ahalegin bat egin dezatela euren musika “ganberakoa” dei genezakeen formatuan aurkezteko: perkusiorik gabe eta agertokian hiru pertsona baino gehiago egon gabe. Hala, jendea eserita egotera gonbidatzen duen giroa sortu nahi izan dugu.

Antolaketaren ikuspegitik, Kursaalgo terrazak taberna–jatetxe terraza bihurtuko dira, eremu mugatua hartuko dute eta edukiera ere mugatua izango da. Mahaien arteko tartea bermatuko da, jendea mahaien inguruan eseriko da eta bertan zerbitzatuko zaizkio edariak eta jakiak.

Txikijazz

Donostiako Jazzaldiak sortutako Txikijazz egitarauak zortzigarren edizioa izango du aurtengoa. Uztailaren 23tik 26ra egingo da eta egungo egoerara egokitutako egitaraua izango du. Musika izango da protagonista nagusia, eta osasun neurriak direla-eta ez da haurrentzako jarduera paralelorik antolatuko.

Familian gozatzeko 4 kontzertu eskainiko dira. Bi kontzertu Kutxa Kultur Gauak programaren esparruan izango dira, Tabakalerako 4. solairuan; 3 euro kobratuko dira pertsonako eta aforoa mugatua izango da: The Binilo’s: uztailaren 23an, 20:30ean, eta Los Juanes: uztailaren 24an, 20:30ean.

Beste bi kontzertuak Kursaalgo Terrazan eskainiko dira, doan, eta sarrera mugatua izango da adingabeekin doazen familientzat (300 lagun guztira):

  • The Binilo’s: uztailaren 25ean, 12:00etan
  • Sara Mansilla eta Los Juanes: uztailaren 26an, 12:00etan

Jazzaldia55