Emakumeak Zientzianek STEAM Euskadi 1. saria eta genero-ikuspegiaren aipamen bereziaren saria irabazi ditu, beste erakunde batzuek sustatutako STEAM hezkuntzako ekimenik berritzaileenaren atalean.
Proiektua deialdian aurkeztutako 137 hautagaitzen artean hautatua izan da.
Saria Emakumeak Zientzian ekimenak 2017ko lehen ediziotik egindako ibilbideari eta ekimenaren garapenean inplikatutako pertsona eta erakunde guztien lanari ematen zaio. Emakumeak Zientzian programak gizarte osoari zuzendutako jarduera-programa zabala proposatzen du otsailaren 11aren inguruan (Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna), STEM diziplinetan berdintasunezko sarbide eta garapen profesionala ahalbidetzeko bereziki garrantzitsuak diren kolektiboak azpimarratuz.
Emakumeak Zientzianen helburua da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko (otsailaren 11n), eta ikerketa zentroko ikertzaile- eta langile-talde batek bultzatuta, CIC nanoGUNEk sentsibilizazio- eta dibulgazio-jarduera batzuk egiten ditu 2017tik aurrera.
Emakumeak Zientzian ekimenaren 6. edizioan, 2022an, Euskadiko zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsuak diren 17 erakundek egin dute bat. Batasun hori posible izan da jendea biltzeko bokazioarekin jaio zelako Emakumeak Zientzian proiektua; ateak zabalik ditu, eta argi du elkarrekin hobeak garela. Hala, 2022an Emakumeak Zientzian proiektua antolatu duten erakundeak hauek dira: POLYMAT, CIC nanoGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieria, Ceit, Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea, Elhuyar eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen dituen STEAM Euskadi Sariek hezkuntza zientifiko-teknologikoko euskal praktika onenak aintzatesten dituzte. STEAM Euskadi Sariak Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako batekin bat datoz. Eusko Jaurlaritza STEAM Hezkuntza (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) ezartzea sustatzen ari da, ikasleen gaitasun zientifiko-teknologikoa hobetzeko, batez ere gazteenena eta emakumeena. Sarien bigarren edizioa da aurtengoa.