Kutxa Ekoguneak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Real Sociedad Fundazioaren laguntzaz, 12-16 urteko gazteei zuzendutako Bihotz Berdeak programa berritzailea jarriko dute abian.

Programa honen xedea Gipuzkoan naturzale gazteen mugimendua sortzea da


Prentsa-oharra

Bihotz Berdeak proiektuak gazteak naturan murgiltzea izango du helburu. Horretarako, bertan nola orientatu, landare eta animaliak nola identifikatu, eta ingurune naturaleko aldaketak, fluxuak eta prozesuak irakurtzeko trebakuntza jasoko dute. Saio hauek 2021eko urriaren 3an hasiko dira eta 2022ko maiatzaren 29an bukatu.

Bihotz Berdeak programak 12 eta 16 urte bitarteko gazte naturazaleak bildu nahi ditu bere zaletasunari aukera berriak zabalduz. Bi ikasturteko iraupena duen programa da, eta bukatzean, laguntza eta babesa eskainiko zaie etorkizun laburrean berauen zaletasun pertsonalak bideratzeko. Ikasturte horietarako, naturako jarduerez betetako programa bat proposatzen da, hainbat diziplinatako adituekin batera jorratzeko, hala nola mikologia, botanika, herpetologia, ornitologia... baina baita orientazioa, espeleologia, hiddingen eraikuntza edo argazkilaritza ere. Era transbertsalean, krisi klimatikoa, ekologismoa, naturguneen kudeaketa eta gure gazteek proposatzen dituzten beste gai batzuk txertatuko dira.

Hilean behin, zientzialari eta taldeko gidariekin batera, naturan murgilduko gara, naturaren parte sentitzeko, Bihotz Berdeak taldeko kide eta lagun izatea sustatuz, eta sare sozialak erabiliz, erronkak, jarduerak, irakurketak eta eztabaidak proposatuko ditugularik. Planetak Bihotz Berdeak behar ditu, eta ziur gaude eskola eta familia bakoitzean hautagai bat baino gehiago dagoela. Anima itzazu!

Partaideen hautapena zabalik

Bihotz Berdeak programan parte hartzeko gazteen hautaketa egitea beharrezkoa da, naturarekiko interesa, sentsibilitatea eta jakin mina duten 30 gazteen bila gabiltza; motibazio handiko gaztetxoak, ibilbide osoa egiteko prest daudenak.

Izena emateko epea zabalik uztailaren 25era arte.

Bihotz Berdeak: informazio + eta izen-emateak


Eskuratu dossierra irudian sakatuz

BihotzBerdeak dossier portada