Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak Gazte Ekoliderrak programa aurkeztu dute gaur goizean, gazteak jasangarritasunean eta lidergoan trebatzea helburu duen programa berritzailea.
Gazte Ekoliderrak programa 2010etik 2014ra egon zen martxan, eta Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren lankidetzari esker itzuli da, Etorkizuna Eraikiz programaren barruan. Aurtengo edizioa, "Gazteak eta klima" Think Tank proiektuaren ekimen esperimental gisa garatuko da, UPV/EHUko Udako Ikastaroen Fundazioak egiaztatuta.
Programaren helburu nagusiak jasangarritasunaren ezagutzan sakontzea, lidergo-gaitasunak eskuratzea, jarduteko ahalduntzea eta kontzientzia eta pentsamendu kritikoa sustatzea dira.
Trebatu, Ekin, Izan
Prestakuntzak hiru dimentsio izango ditu: Trebatu, Ekin, Izan. Horrela, parte-hartzaileek jasangarritasun eta lidergo gaietan trebatuko dira adituen eskutik; prestakuntzan ikasitakoa praktikara eramateko eta esperimentatzeko aukera izango dute, eta ekiteko eta aldaketa-eragile bihurtzeko laguntza jasoko dute.
Prestakuntzak irauten duen zortzi hilabeteetan (2021eko urrian hasi eta 2022ko maiatzean amaituko da), hautatutako pertsonek saio teoriko-praktikoak eta hitzaldiak jasoko dituzte, eta eztabaidetan parte hartuko dute, unibertsitateetatik, erakundeetatik, elkarteetatik eta tokiko mugimenduetako aktibistekin batera, besteak beste.
Gazte Ekoliderrak programak puntu holistiko batetik jasangarritasunari lotutako erronketan sakontzea proposatzen du, aurrez aurreko saioak eta online saioak konbinatuko ditu, baita bizikidetzako asteburuak eta bisita inspiratzaileak ere. Hautatutako gazteek, programaren zuzendaria izango dute bidelagun ibilbide osoan zehar. Lidergo eta proiektuen exekuzio erraztaileak ere ondoan izango dituzte eta hainbat arlotan (unibertsitateak, erakundeak, elkarteak, aktibismoa) adituak diren 20 pertsona baino gehiago ere.
Parte-hartzaileen hautaketa prozesua
Gazte Ekoliderrak programak 18 eta 30 urte bitarteko 30 gazte hautatuko ditu, jasangarritasunarekin sentsibilizatuta daudenak eta lidergo eraldatzailea izateko prest daudenak. Helburua adinean, diziplinan, jatorrian, interesetan eta abarretan profil desberdinak dituzten pertsonak hautatzea da, prozesua aberastuko duen ikaskuntza-testuinguru bat sortu ahal izateko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak eta Kutxa Ekoguneak hautatutako pertsonei bekak emango dizkiete, matrikularen % 80 diruz lagunduz.
Izen-ematea gaurtik aurrera egin daiteke ekainaren 23ra arte.