Oier Iruretagoiena artista Kutxa Fundazioaren eta San Telmo Museoaren Artea abian proiektuaren edizio berrian, 2020ko lehen edizioan Nagore Amenabarrok parte hartu ondoren.

Oier Iruretagoienaren San Sebastian eta fantasma erakusketak, izenburuak iradokitzen duen bezala, bi zati ditu: batetik, abiapuntu gisa martiri erromatarraren irudiaren inguruan bildutako lanen multzoa; eta, bestetik, Fantasma, lurrean hedatzen den soinuzko esku-hartzea.

Artista lanean aritu da azken hilabeteotan erakusketa hau prestatzen, eta San Sebastian eta fantasma titulua duen erakusketan ikus daitezke hilabete hauetan sortutako lanak, aurreko beste batzuekin batera.

Erakusketa gaur aurkeztu da komunikabideei. Museoko Laborategia aretoan ikusgai izango da urriaren 15etik urtarrilaren 9ra, doako sarrerarekin.

Artista

Oier Iruretagoiena (Errenteria, Gipuzkoa, 1988) musika esperimentalean hasi zen, eta gero beste formatu batzuetara zabaldu du bere lan esparrua, hala nola, eskulturara eta testura. Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn 2011n, eta 2018an Bruselako WIELS egoitzen programa osatu zuen. Bilboko Carreras Mugica galerian (2019 eta 2015), Bartzelonako Halfhouse espazioan (2014) eta Gasteizko Montehermoso Kultur Etxean (2011) egin ditu erakusketak, besteak beste. Duela gutxi erakusketa kolektibo hauetan ere parte hartu du: “El sentido de la escultura” Joan Miró Fundazioan (Bartzelona, 2021), "Generación 2020" La Casa Encendidan (Madril, 2020), “Le Petit Cercle Bruxellois” Institut de Carton-en (Brusela, 2019), "Bi Dos Two" Azkuna Zentroan (Bilbo, 2018), "Cale, cale, cale! Caale!!!", Tabakaleran (Donostia, 2017), eta "Otzan" Elba Benítez galerian (Madril, 2016). Bestalde, 2011tik 2020ra Bilboko Le Larraskito Klubeko koordinatzaileetako bat izan zen, eta 2020tik Berria egunkariko zutabegilea da.

Artea abian 

2019 urtean sinatu zuten Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren arteko elkarlana estutzeko akordioa, eta bertan jasotzen zen Artea Abian erakusketa programa. Sorkuntza garaikideari ematen zaio protagonismoa honen bitartez, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez.

Ekimen honen bidez, bi erakundeek beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean lehen erakusketa indibiduala egitea erraztea da, eta arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzuten dio, hau da, artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak inplementatzeari.

Proposamen honek Gipuzkoako panorama artistikoan dagoen hutsune bati erantzuna eman nahi dio, bi erakundeen ahaleginak batuz, San Telmo Museoak eta Gipuzkoa eta Donostiako Aurrezki Kutxak 1970eko eta laurogeiko hamarkadetan egin zuten erakusketa eremuko lankidetzari berriro helduz. Helburu nagusia da oraindik erabat finkatuta ez dauden edo garapen fasean dauden ibilbideak dituzten sortzaileekin lan egitea.


San Sebastian eta Fantasma 1 Oskar Moreno 5

San Sebastian eta Fantasma 1 Oskar Moreno 4

San Sebastian eta Fantasma 1 Oskar Moreno 3

Argazkilaria: Oskar Moreno