Oier Iruretagoiena izango da Kutxa Fundazioaren eta San Telmo Museoaren aurtengo Artea abian egitasmoan parte hartuko duen artista.

Kutxa Fundazioaren eta San Telmo Museoaren arteko lankidetzaren bitartez sormena sustatzeko helburua duen Artea abian proiektuak jarraipena izango du aurten Oier Iruretagoiena artistarekin. Urrian inauguratuko da bere lanekin osatutako erakusketa museoko Laborategian.

Oier Iruretagoiena errenteriarra izango da aurten Artea abian proiektuan parte hartuko duen artista, 2020ko lehen edizioan Nagore Amenabarrok parte hartu ondoren.

Ekimen honen bidez, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean erakusketa indibiduala egitea erraztea da. Ekimen honek arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzuten dio, hau da, artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak inplementatzeari.

Esparru geografikoa Gipuzkoako lurralde historikoa da, artistaren jatorri eta/edo jarduera leku gisa. Horrek esan nahi du artista hautagarriak direla lurraldean jaiotako edo hari lotutako pertsonak, lotura hori modu zabal eta irekian ulertuta.

Proposamenak Gipuzkoako panorama artistikoan dagoen hutsune bati erantzuna eman nahi dio, bi erakundeen ahaleginak batuz, San Telmo Museoak eta Gipuzkoa eta Donostiako Aurrezki Kutxak 1970eko eta laurogeiko hamarkadetan egin zuten erakusketa eremuko lankidetzari berriro helduz. Gainera, ekimen honek bat egiten du Vanguardiako Aretoa deritzonaren espirituarekin, zeinak 1990eko hamarkadan zehar museoan funtzionatu zuen. Handik artista gazteak igaro ziren, eta, gerora, haietako batzuek beren ibilbidea sendotu zuten.

Helburu nagusia da oraindik erabat finkatuta ez dauden edo garapen fasean dauden ibilbideak dituzten sortzaileekin lan egitea. Ez da adin tarte zehatzik ezartzen, eta "arte gaztea" bezalako kategoriak saihesten dira, artista potentzialen aukera eta esparru profesional eta instituzional baten barruan izan dezaketen naturalizazioa ez mugatzeko. Horrela, bada, kontuan hartzen den profila aurretik ibilbide bat baduten sortzaileena da, lehiaketa eta erakusketa kolektiboetan parte hartu dutenak, baina ez dutenak aurkezpen monografikorik egin San Telmo Museoaren moduko museo edo erakunde batean.

Arte garaikidea sustatzeko ekimen honek Museo Bikoitza proiektuarekin bat egiten du San Telmo Museoan, non artistek San Telmoren bildumatik abiatuta lan egiten duten. Artea Abian egitasmoan parte hartzen dutenek ibilbide ez hain finkatua izan arren, bi proiektuek San Telmo Museoak euskal arte garaikidearekin duen konpromisoa indartzen dute. Halaber, haiekin lehian izatetik urrun, ekimen berri honek testuinguruari laguntzeko proiektuen eszena indartzen laguntzen du, hala nola Eusko Jaurlaritzaren Eremuak edo beste lurralde batzuetako ekimenak, espazio berri bat txertatuz. Proposamenak Kutxa Fundazioaren erakusketa-aretoen programazioa ere osatzen du, eta lurraldeko arte-sorkuntzarekin duen konpromisoa indartzen du.

Oier Iruretagoiena, Artea Abianen bigarren edizioko artista

Oier Iruretagoiena (Errenteria, Gipuzkoa, 1988) musika esperimentalean hasi zen, eta gero beste formatu batzuetara zabaldu du bere lan esparrua, hala nola, eskulturara eta testura. Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn 2011n, eta 2018an Bruselako WIELS egoitzen programa osatu zuen. Bilboko Carreras Mugica galerian (2019 eta 2015), Bartzelonako Halfhouse espazioan (2014) eta Gasteizko Montehermoso Kultur Etxean (2011) egin ditu erakusketak, besteak beste. Duela gutxi erakusketa kolektibo hauetan ere parte hartu du: "Generación 2020" La Casa Encendida (Madril, 2020), David Bestuék Halfhousen (Bartzelona, 2018) komisariatutako erakusketa, "Bi Dos Two" Azkuna Zentroan (Bilbo, 2018), "Cale, cale, cale! Caale!!!", Tabakaleran (Donostia, 2017);"Otzan", Elba Benítez galerian (Madril, 2016), eta Consonniko "LaPublika"saioan (2016). Era berean, 2010etik 2020ra Bilboko Le Larraskito Klubeko koordinatzaileetako bat izan zen, eta 2020tik Berria egunkariko zutabegilea da.

Prentsa-oharra (pdf-an)


Izenbururik gabe, 2017. Oier Iruretagoiena

Izenbururik gabe 2017. Oier Iruretagoiena