Supereroankorta-suna, markak hausten

Ostirala, 29 Maiatza 2020 19:00


Konfinamendu garaian, Kutxa Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) elkarlanean antolatutako Zientziakutxa: zientzia garaikidea zure eskura hitzaldi zikloak bere jarduera berreskuratuko du neurri batean, momentuko gai zientifikoen inguruko ezaguera eta kultura partekatzen jarraitzeko. 

Supereroaleek korronte elektrikoa inongo galerarik gabe garraia dezakete. Ametsetako materialak dira! Baina zoritxarrez oso tenperatura baxuan soilik mantentzen dute propietate bikain hau. Zientziaren erronka nagusietako bat da giro-tenperaturako supereroaleak lortzea. Azken urteotan ulertu dugu hidrogenoz osaturiko konposatuetan ia giro-tenperaturako supereroankortasuna lortu daitekeela. Baina, egiari zor, oso presio altuetan bakarrik.

 

2020ko maiatzak 29, ostirala | 19:00 | euskaraz

Hitzaldia DIPCko Webinars online plataformaren bitartez emitituko da. Sarbidea HEMEN. 
Chat-aren bitartez zure galderak bidali ahal izango dizkiguzu amaieran hizlariarekin izango dugun solasaldian parte hartzeko 

Youtube kanalaren bitartez ere jarraitu ahal izango duzu
Hizlaria: Ion Errea
Ion Errea (Donostia, 1984) Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) Fisikako lizentzia (2007) eta doktoregoa (2011) eskuratu ditu. Doktorego osteko ikertzaile aritu da Parisko Université Pierre et Marie Curie-n eta Donostia International Physics Center-en (DIPC). Finalista izan zen 2015 Volker Heine Young Investigator Award sarietan, eta Journal of Physics: Condensed Matter argitalpenak Emerging Leader izendatu zuen.

2018az geroztik, Materialen Fisika Zentroan (CFM CSIC-UPV/EHU) Quantum Theory of Materials ikertaldeko burua da, eta 2015etik, irakasle atxikia, Fisika Aplikatua 1 Departamentuan (UPV/EHU) eta DIPCeko ikertzaile elkartua.

Bere ikerketa-ildo nagusia solidoen propietate konplexuak kalkulatzeko metodo teorikoak garatzea da: efektu kuantikoak eta ez-harmoniatsuak bibrazio atomikoetan; elektroi-fonoi interakzioa; eta metodo horiek aplikatzea supereroaleetan, hain zuzen, hidrogenoan oinarritutakoetan, material termoelektrikoetan, solidoen eta nanoegituren fase-trantsizioetan eta abarrean.

Ion Errea   ZientziaKutxa2020