Euskaraldia, 11 egun euskaraz ekimenaren Donostiako hamaikakoa aurkeztu da.

Herritarrak aktibatuta, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera areagotzeko helburua du Euskaraldia dinamikak. Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan kokatzen da, eta, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, Euskaraldia, 11 egun euskaraz gauzatuko dugu Euskal Herri osoko hainbat herri eta entitatetan.

Euskaraldiak, bere helburua betetzeko, hamaika egun horretan ondoko bi roletako bat hartzera gonbidatzen ditu herritarrak:

Ahobizi: Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.
Belarriprest: Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

Hau da euskarazko harremanak izan eta inertziak astintzeko Euskaraldiak proposatzen duen formula.

Donostian ere ariketa sozial hau martxan jarriko da eta Kutxa Fundazioak, euskararekiko konpromisoari leial, era aktiboan bultzatuko du.

Hona hemen, Donostiako hamaikakoa osatuko duten kideak: Miren Arrieta aktorea, Jokin Aperribay Errealeko presidentea, Kontxu Uzkudun moda diseinatzailea, Mariano Ferrer kazetaria, Garazi Urrosolo Egiako euskara batzordeko kidea, Josean Abecia, Altza Hadi batzordeko kidea, Barbara Goenaga aktorea, Mikel Irazusta herritarra, Xila Pihlström euskal herritar eta suomitar kultur eragilea, Iñaki Salvador musikaria eta Joxean Fernandez Euskadiko filmategiko zuzendaria.

Azalpenak emateko, ekimenaren antolatzaile zein sustatzaile diren zenbait eragilek -irudian- hartu dute parte prentsaurrekoan: Eneko Goia Donostiako alkateak, Ane Loidi Bagera elkarteko ordezkariak, Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariak sustatzaileen izenean.


Euskaraldia2018

Euskaraldia2018